XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Gotzain egin eben egunetan, gotzain idazti bat argitaratu eban, guztien jakingarri.
Idazti horretan, ausartasun ikaragarriz, hurrengorik hurrengora, edonork ulertzeko eran, bera herririk herri pastoral zereginetan ebilala aurkitutako feudalismo eta menpekeria azalpentzen zituan.
Ugazabak eta handikiak langileekin egiten zituen basatikeria eta ankerkerien bilduma luze bat zan izatez.
Berak bere begiz ikusi eta egiztatutako gertaera larriak.
Maisterren herriak ziran gehientsuenak.
Langileei iruzurrez lan-saria ostuten jaken; edozein ergelkeriagaitik alogerekoa murriztu; eginezin ahalako lanak pistolapean eraginazo; gizakiari zartako bat emotea barre egitea lez zan; txarrez zauritutakoak erreskadan; abereen tratamena gizakiena baino hobea zan;
borreru batzuen kasketaldien pentsura, babes gabe, lege gabe, eskubiderik gabe herri osoa; askotan erbiak lez arrapatuak, heriotza edo bizia halako anker-basati baten eskuetan giltzatuta.
Tximista bat lez jausi zan idazti hau handiki eta lurdunen artean.
Bertatik etorri jakozan oharpen eta adiera garratzak, haginak erakutsiz, handiki horreen aldetik.
Bere lagun batzuek ere horrenbestean ez sartzeko inotsen, azken baten, arazo horreek politikoenak zirala eta.
Bide horretatik jarraitzekotan, laster eukala heriotza gaizkin horreen eskuetan.